Ausartu Kultur Elkartea, hezkuntza ez formalean oinarria duen proiektua da. Parte hartzailea da Ausartu; nirea, zurea eta gurea. Balioetan heztea da bere xede nagusia eta aisialdiko hezkuntzarekin hasiko dugu bidea. Ez dakigu bide honek nora eramango gaituen: ziurrenik bidezidorrak batuko zaizkigu; ibairen bat ere pasa beharko dugu igerian, eta bai, bustiko gara eta harri-koxkorrak gordeko ditugu oroigarri modura. Dena den, larre berde batean izarrei begira amesteko aukera izango dugu. Horrela joango gara pixkanaka Ausartu sortzen eta birsortzen. Gu ausartu gara lehen pausua ematen, elkar ikusiko dugu bidean.

        NOR GARA?

2018 urtean sortu den proiektua da Ausartu Kultur Elkartea. Urteak dira hezkuntza ez formalaren munduan, egitasmo ezberdinen baitan lanean gabiltzala. Iritsi da barnean genuen beharrari erantzuteko ordua, bestelako ekarpen bat egin nahi genion hezkuntza komunitateari, eta honetarako kultur elkarte bezala egituratutako proiektua jarri dugu martxan.

Sarreran ikusi duzuen bezala, aisialdian du oinarri Ausartuk, gure lehen pausua udako egonaldiak sortzea izan da. Udako aisialdi eskaintzan hutsune bat topatu genuen, askotan adin tarte bat kontuan hartzen ez dela, nerabeena hain zuzen. Horri erantzutea izango da gure erronka.

Aisialdi parte hartzaile batean sinesten dugu, denon ahotsa entzungo den horretan. Bakoitzaren autonomia garatzeko aukera emango duena. Aniztasunean berdinak garela ulertzen duena. Guzti hau euskaratik eta euskaraz egingo dugu.

        UDALEKUAK

Astigarragako Santiagomendi aterpetxean burutuko ditugu egonaldiak. Donostitik gertu dagoen ingurune naturala da hau, askatasunean gozatzeko aukera eskaintzen duena. Egunerokotasuneko zaratetatik at lasaitasuna bermatuko diguna. Bakoitzaren burua ezagutu eta besteekin egoteko espazio ezin hobea.

Deskonektatu, arnasa sakon hartu eta gozatu.

Hiru txanda izango ditu aurtengo eskaintzak, helburuak gozatzea, ikastea eta deskantsatzea izango dira. Horretarako 30 gazte batu eta familia txiki bat osatuko dugu astebetez.

Ausartuko zara?

LEHEN TXANDA

Uztailaren 7tik-13ra

2006-2005an jaiotako gazteak

190€*

BIGARREN TXANDA

Uztailaren 14tik- 20ra

2004-2003an jaiotako gazteak

190€*

HIRUGARREN TXANDA

Uztailaren 21tik-26ra

2002-2001an jaiotako gazteak

190€*

        KONTAKTUAK